XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARESTI: BILBO VERSUS AITAREN ETXEA

Etorkizuneko Aitaren etxerako bidea luzea da; eta Arestik, nahiz eta intentsitate handiz eta gogo suharrez ekin bideari, erorialdiak ere baditu, eta erorialdi eta desanimo aldarte horietan poetaren utopiaren sendotasuna ahuldu egiten da.

1966. urtean, eta, Maldan behera poema gogoan, honela idatzi zuen Arestik:

Baina beraren oroicapena datorkidan momentu triste honetan, profeta senticen naiz.

Ni ere Maldan behera erpin eta arin batean ikusten naizelako.

Ninzena ez naiz, denbora zaharretako ical eta geriza iheskor baten modukoa nakusate, eta hala dakusat nik ere nire burua.

Herririk herri ogiaren bola..., ezin dudan pisu eta karga astuna eraman eta jaso beharrez..., nire ahuleriaren kontrako burruka batean... (Aresti 10, 1986: 85)

Aldi hartan fedez ere makal zebilela aitortzen digu, eta bihotzeko esperantza tamaina ere ahulduta duelarik, bere jaioterriaren oroitzapena datorkio burura, bere Bilbao beti gorrotatua eta inoiz abandonatu ezin izan zuena.

Beste modu batera esateko, Bilbo zen desanimo eta makalaldi horren eragile zuzena eta boteretsua.

Ikus dezagun zer-nolako bidea egin zuen Arestik Bilboren eta Aitaren etxearen artean.

Bilbo errealitate gordina da; aitaren etxea, aldiz, poetaren barne-utopia, eta garai hartan (1964) utopia horren izena euskara zen:

Bilbo, uri andi orretan, euskal erriaren etsairik eta areriorik andienean.